XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Handik laister, une on iritzita, diru dexente enplegatu zuen merkatariak merkantzia garrantzitsuetan.

Hiru untzi betetan itsasoratu zituen.

Aldi hartan, ordea, ez zuen aldeko paturik izan.

Untzietariko bat, ekaitz zirimolak hartu eta, masta bera adineko uhin eta tximisten artean galdu egin zen.

Bigarrena, inoren aurrean defendatzeko, armarik ez bait zeraman, bidean piratek eraso, probetxuzko guztia jaso, su eman eta hondoratu egin zuten.

Hirugarren untzia, berriz, ekaitzaldi gogor baten ondoren hau ere, kaira iritsi egin zen, baina oihal eta egurretan txikizio askorekin, eta merkantzia bera saltzeko gauza ez zela.

Ezin saldu ahal ere.

Bere ondasunak oro ia porrotean aurkiturik, sozioaren bila abiatu zen merkataria, baina berehala jakin ahal izan zuen, geratu ziren diruekin aldegina zela, aienatua zela.

Artean zituen diru kondarrez zorrak nolabait berdindu eta hara, ri-rrau batean, mixeriarik gorrienean gure merkataria.

Etxe bikain hura saldu beharra izan zuen, morroi-neskameak kalera bota eta jaiak besteentzako utzi.